XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adibidez, liburu zaharrean honela: Apaindura(-garri, -gailu)... Baina ongi alfabetatua ez den irakurlearentzat bada hor zailtasunik aski, erroa eta atzizkia egoki bereizi ezik ez bait luke asmatuko kako bitarteko atzizki trukagarriak lexemari behar bezala eransten.

Lehengo adibideari atxekiz, apain erroa (lexema) dela eta dura atzizkia (morfema) dela jakin ezik, apaingarri eta apaingailu egin beharrean, apainduragarri eta apainduragailu egiteko arriskua luke.

Hala ere adibide horretan eman litekeena gaitz erdi... Baina har dezagun Argitaraldi(-pen) sarrera.

Trukaketa egiterakoan, argitarapen egin ordez argitaraldipen egitea barkaezina litzateke etab.

Beraz, Sinonimoen Hiztegi berri honetan erro bereko baina atzizki ezberdineko hitzak sarrera bakarrean sartu gabe, bikoiztu eta hirukoiztu egin ditugu.

Adibidez lehengo hiztegian Apaindura (-garri, -gailu) agertzen zena, oraingoan: Apaindura, Apaingarri, Apaingailu.

Badira han-hemenka salbuespenak ere.

Irakurlea konturatuko denez, kako bitartean utzi ditugu -ko atzizkia duten hainbat hitz, bata nahiz bestea berdintsu erabil daitekeela adierazteko: .

Ia beti pluralean erabili ohi diren hitzei ere pluralaren marka ezarri diegu kako bitartean: aiztur(rak), guraize(ak)....

c) Hitzen kopurua bikoiztu egin da gutxienez.

Sarrera berriei dagokienez, iturri ezberdinetatik ekarriak dira: Lehengo iturri beraren jarioa biziagotu; hots, goraxeago adierazi dugunez, kako arteko atzizki trukagarriez hitz eratorri herriak sortu eta lerroburuan ezarri. Ikus goiko adibidea.

Sinonimoen segidako hitz asko eta asko barnean bai baina lerroburuan ez zetozenez gero, sarreran kokatu.

Lehengo Sinonimoen Hiztegia burutu zenean, laburtu beharraren laburtu beharrez, toki egin gabe utzitako hitz askori, hautaketa zehatz baten ondoren, toki egin zaie, hots, berreskuratu egin dira.

Hona beste zenbait iturri: Euskararako Hiztegia; Hiztegia 2000; Euskara Batua zertan den liburuaren azken zatian datorren hiztegitxoa; Itun Berria (Elizen arteko Biblia) liburutik hartutako zerrenda; Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Administrazio hizkuntzako behin behineko Hiztegia; Atalase maila hau ere Eusko Jaurlaritzak argitaratua; Ikastoletan azken urteotan erabili izan den zerrenda; Hiztegia aberasten, Elgoibarko taldeak prestatutako liburuska polita; zenbait idazle klasikotatik egindako husketen hautaketa....

2. ARAZOAK Hitz eta adieren bereizketa zaila.

Zenbait hitz esannahi aldetik kidekotzat, hurbilekotzat jo daitezke, baina bete-betean sinonimo direnentz ebazte orduan dira kontuak....

Nolabaiteko erlazioa edo kidetasuna aski al da sinonimoen zerrendan ezartzeko?.

Hitz batzuk esannahi fisikoa hartzen dute bereziki; beste batzuk, ordea, psikikoa edo eta metaforikoa.

Adibidez, Sumin hitzak atzamarretan hotzak sorturiko mina adierazten du, baina edozergatik haserratu eta gori-gori jartzen denagatik ere esaten da.

Era berean Sumindura hitzaren esannahia zera litzateke: hotzak nahiz asunen hazkura erreak sortutako mina, baina beste esannahirik ere badu: irainen bat jaso duela uste duenak izan ohi duen arimako mugida haserrekorra (ikus Euskararako Hiztegia 424. orr.).